Hamar egun edo ba daramatzagu gure gustoko eta esperantzarako genuen “illarra” zein “mendi”etara joan zaigun beldur, han galdu daiteken arriskuari so eta kezkati, eta nondik norakoak kalterik ekar dakiguken ala inongo mesedetan izango ote den gure buruari galdezka. “Marca” kirol aldizkaria delakoak ikasi du, bai erraz, “guisante” batetaz ari gerala, “monte” batean dabilena. Hortik nonbait Illarramendiren esanahia. Baina “illar” hitza “txillarra”rekin zer ikusia duena balitz? Ez dio dena den asko axolik.

Gure gaztea, “Illarra”, orain artean guri-guri zaindu duguna, han omen doakigu aurkari baten besoetara diru multzo bat tarteko, bai berarentzat (hori zortea) eta baita ere bere “babesle”, “ikusle”, “bazkide” edo “akziodun” geranoi tajuzko “plusvalia” utziz, hala hitzartuta zegoen eta.

Bihotz-bihotzeko zituen “koloreak”, hau da txikitandik kirolarekin lotzen zuen zilbor estea utzi, eten eta Madril aldera joan omen zaigu bere bizi jarraia mamitzekotan.

Sentimentuei begira jarri ezkero, hau galera, hau kaltea, hau pena, urte bete gehiagoz behintzat gure koloreak defendatu ezinean izango bait da.

Jasoko dituen, ditugun, diruak, beti onak onurarako erabiltzen jakin ezkero noski. Eta horretan ba-dakiela, ba-dakigula, uste det, neurri serio batean behintzat.

Zertan ba malkoak? Ez al gera pozik izango? Ez al zuen ba halakorik merezi? Gazteegi ote gaillurrera irixteko?

Berriketa eta komeri tartean zer esango det ba nik?

Hasteko, orain artean bere taldea izan denak (hau da Real Sociedad deituak) bere betebeharra ezin hobeto bete duela. Batetik ume umetan bere ardurapean hartutako “mutrikuarra” kirol profesional goi mailara bultzatzeko indarra eta jakinduria izan duelako. Bestetik, honek ematen duen saltoak, hau da munduko kirol talde handienetaratzeak, atzetik ezkutuan edo atrebentzia faltan dabiltzanei lekua eta bidea erakutsi eta proposatu egiten dietelako, eta jakina da lege fisikoaren arabera materiak “hutsuneak” betetzera jotzen duela. Hortaz, atzetik datozenak, esna eta ernetu ditezela, espero zuten edo zezaketen aukera hor begi bistan zabaltzen zaie ta.

Helburuak bete ditugu, baina nahi baino azkarrago? Hori ote arazoa? Ene ustetan geroa nola kudeatu da galdera. Gai izango al gera noizbehinka bederen, hau da bost urtean behin edo, mutrikoarraren neurriko artistarik sortzeko? Jasotzen ditugun diruak Gipuzkoako talde txikiei lagunduz eta beraietan “inbertituz” mantendu ahal izango al degu exitora bideratuko gaituen ekinik?

Orain dela urte gutxi arte Bilbo aldean omen genituen gure arerio nagusiak, gure “illarrak” jan nahi zituztenak. Orain mundu zabalera plazaratzen dira nahi ez ba degu ere gure “perla” finenak, aparteko on onak gertatzen direnean noski. Eta kategoría hau hartzen dutenak, ez daude iada besterik ezean Bilbora begira, mundu osora baino, horretan ere internazionalizatzea tokatu bait zaigu (gaur Espainian, aurrekoan Liverpoolen, Bayern Munichen, urrengoa nork jakin). Gure enpresa onenen pareko.

Bi gauzek pizten didate aurtengorako kuriositatea. Lehena, “illarra”ren faltan zein nolako “menestra” egin ahal izango duen aurtengoan gure “donostiar/gipuzkoar” taldeak. Eta bigarrenik, ez al degu ba gozatuko “Galdona”, “sieteplayas”, “Saturraran”, “Kalbario” eta “Olatz” “San Jeronimo” Mutrikuko auzo eta bazterretan hazitako Churruca Almirantearen herriko “futbolari almirante” honekin, naiz eta zuriz jantzitakoan urdin kolorea bidean (ez bihotzean) galdutakoa, munduan den talderik ospetsuenetako batean gidari eta orkesta gizon ikustean? Eta hori tokatzen zaionean Tolosako seme bat jarriko ba zaio aldamenean lagundu, erakutsi eta erreleboa eskaintzen, ez al degu gozatuko?.

Ni gozatzekotan naiz, eta esku onetan jasotako diruak etorkizunerako bidea markatuko digutelakoan. Hala bedi.